Barrikako Udalak birziklatze-edukiontziak behar bezala erabiltzera animatzen ditu herritarrak.
Joan den irailean, Barrikako Udalak abian jarri zuen “Barrika Batu” proiektua, etxeko hondakinak ondo kudeatzeko beharraz jabetzeko, birziklatzeko edukiontzien erabilera egokia bultzatzeko eta, batez ere, bosgarren edukiontzia erabiltzearen ingurumen-onurei balioa emateko. Udalerriko adin guztietako herritarrentzako jarduerak biltzen dituen sentsibilizazio-kanpaina da.
Kanpainak hainbat bloke ditu, bai digitalak bai presentzialak, ahalik eta komunikazio-kanal gehien erabiliz hedapen handiagoa lortu ahal izateko. www.barrikabatu.com web-orria da proiektuaren ardatz nagusia. Webgune interaktibo bat, non edukiontziak, horien erabilerak eta hondakinak ikasi eta ezagutu ahal izango diren. Eta, aldi berean, kanpainan zehar egindako ekintzen berri izatea.
Web-orriak deskarga daitezkeen materialak ditu, modu dibertigarri eta errazean erakusten dutenak zer hondakin birziklatu behar diren dagozkien edukiontzietan. Material hori Barrikako etxeetan erabiltzera gonbidatzen du Udalak, bai eta online joko interaktiboak ere, handientzat eta txikientzat. Edukiontzi horiaren lehen azalpen-bideoa ere ikus daiteke bertan. Webak astero zabalduko du edukia, herritarrak bertan nabigatzera gonbidatzeko asmoz, haren berriak ezagutzen joateko.
Aurrez aurreko jardueren helburua herritarrekin zuzenean komunikatzea da. Horretarako, hainbat jardunaldi eskaintzen dira udalerriko hainbat tokitan. Muriolako hondartzako bi garbiketetako lehena egin zen irailaren 24an. Itsas hondakinak bildu eta kostaldean bizi den marearteko flora eta fauna azaldu ziren, itsasoko biologoen eskutik. Publiko guztientzako jarduera, modu dinamiko eta atseginean kontzientziatzea bilatzen duena. Bigarren garbiketa azaroaren 6an egingo da, igandean, goizeko 9:00etatik 13:00etara.
Beste blokeetako bat sentsibilizazioko informazio-hitzaldiak egitea da. Webguneko edukiak transmitituko dira, etxeko hondakinen kudeaketari buruzko informazioa emango da eta birziklatzearen inguruan sor daitezkeen zalantzak argituko dira. Hitzaldiak urriaren 20an, osteguna, eta azaroaren 23an, asteazkena, izango dira, Nagusien Etxean, 19:00etan, eta ordubete iraungo dute.
Azkenik, kanpainan zehar ikasitako guztia praktikan jartzeko dibulgazio- eta hezkuntza-jardunaldi bi eskainiko dira, publiko guztientzako tailer, joko eta dinamikekin. Helburua kanpainan zehar transmititutako ohiturak sendotzea da, Barrikako biztanleek beren etxeetan edukiontziak behar bezala erabiltzeko ohitura izan dezaten. Jardunaldi hauek urriaren 22an (larunbata) egingo dira, Goierriko Ander Deuna Kultur Aretoaren ondoan dagoen pilotalekuan, eta azaroaren 19an (larunbata), udal-pilotalekuaren ondoko Nagusien Etxean, 10:00etatik 14:00etara.
Proiektu hau garatzeko eta Barrika Batu kanpaina abian jartzeko, Udalak Tantak Uribe Kostako elkartearen laguntza izan du. Elkarte honek aurretik ere lan egin du horrelako proiektuetan, eta une honetan Mankomunitateak sustatutako heziketa-tailer eta -jolasak egiten ari da, Uribe Kostako ikastetxe guztietan. Ingurumenaren eta osasunaren zaintza oinarri duen elkartea. Bi kontzeptu horiek gora egiten ari dira gaur egun, eta Barrikako Udalak berezkotzat hartu ditu kanpaina hau garatzeko.